Getxon kokatutako etxebizitza bat
Barne-diseinua: Sube Interiorismo
Lanaren urtea: 2020
Lekua: Getxo (Bizkaia).
Argazkiak: Biderbost Photo
Erabilitako materialak: haritz-zura eta zumar-zura.
Getxon kokatutako etxebizitza bat
Getxon kokatutako etxebizitza hau Sube Interiorismo estudioak diseinatu du, argi naturalari ahalik eta probetxu handiena ateratzeko asmoz. Diseinua neurritsua da, eta, aldi berean, goxoa, mimoz eta xehetasunez betea, eta gela bakoitzaren alderdi praktikoa azaleratzen du, batez ere gune komunena.
Etxearen argazki guztietan, ate lakatu batzuk ikus ditzakegu: ildaska apaingarriak, janba lauak eta altzairuzko burdineria dituzte, eta Formani etxeko helduleku ikusgarri bana dute.
Egongela.
Egongela ia osorik ikusten da: erdian, sofa batzuk daude, aurrean haritzezko erdiko mahai bat dutela, eta, alboetan, armairua ere baden apalategi-liburutegi ikusgarri bat. Azken hori haritz-zurezkoa da, eta ate lakatuak ditu, ildaskatuak, oso modan dagoen listoi-itxura sortuz.
Haren aurrean, tximinia bat edo tximinia aizun baten simulazioa dago (zeinak listoi zuri lakatuak dituen bloke bat sortzen baitu), eta, goian, nitxo bat, haritz-xafla bernizatuz egindako eta atzetik argiztatutako apalekin.
Tximiniaren barrualdea haritz-zurezko bloke batez osatuta dago, eta landare apaingarriak ditu barruan.
Jangela
Etxebizitza honetan, jangela edo sukalde-jangela egongelari lotuta dago, ate metaliko baten bidez. Eremu honetan lau zutabe daude, zumar-zurez egindako oholez estaliak, eta goiko eta beheko aldeetan haritz trinkoa dutela.
Sukaldera ematen duten zutabeen artean barra-formako sukalde-gaineko bat jarri da. Halako konponbideak oso moldaerrazak dira, eta jabeek gosaltzeko mahai gisa erabil dezakete.
Baina oso erabilera praktikoa ere badu: sukalde-gainekoan, sukaldera ematen duen aldean, behar diren entxufeak jarri dira, eta LED argi bat ere bai. Argi horrek estalkiaren azpian dagoen xafla lakatu bertikaleko panela argiztatzen du, eta barra-aurrealde moduko bat sortzen.
Koloretan lakatutako xafla bertikal horiek sukaldeko altzarien blokeko alboetan ere badaude, eta erabat integratzen du sukaldea jangelaren estetikarekin.
Sukaldean jarriz gero, bi zutabeen erditik eta aurreko bi zutabeen artean dagoen leihatetik begiratuta, egongelaren ikuspegi ezin hobea dago. Horrek zabaltasun handia ematen dio eremu horri. Gutxitan lortzen da etxebizitzetan egongela-jangela-sukaldea logeletara eta terrazara daraman gunearekin bisualki lotzea. Baina protagonista nagusia argi naturalak etxebizitzako gela guztietan duen efektua da, dekorazio-estudioak probetxu handia atera baitio.
Haurrentzako logela eta bainugela
Haurrentzako logelarako, zuriz lakatutako habia-ohe bat egin da, xafla bertikalez apaindua; zurezko heldulekuak laka berarekin integratu dira.
Horman, etxetxo apaingarri baten forma duen haritz-zurezko oheburuko bat dago, erdian pareta-argi bat duela. Aurrean, apalategi bat jarri da, etxetxo lakatuaren forma berekoa; azpian, 3 tiradera ditu, jostailuak gordetzeko. Gela honetan ere etxebizitza osoan dagoen zerbait dago: batetik, errodapia, zeinak ildaska baitu gainean, lakatuta baitago eta 15 cm-ko altuera baitu; eta, bestetik, leihateen erlaitzak, guztiak ohol lakatuz estalita baitaude.
Aipamen berezia egin behar diogu haurrentzako bainugelari. Bertan, altzari lakatu bat dago; gainean, harri akrilikoko gaina du; azpian, buruxka-formako sareta; barrualdean, haritz-laminatua; eta aurrealdean, gris-berdexka ikusgarri eta goxoan lakatutako xafla ildaskatuak, eta horrek kontrastea sortzen du Formani etxeko heldulekuaren zuritasunarekin.
Ispilua haritz-zurezkoa da, eta jarraitutasuna ematen dio haurrentzako logelako ideiari, etxola triangeluarraren forma baitu. Hormaren zati bat sabairaino estalita dago, baita erlaitza ere.
Logela eta bainugela nagusiak
Bainugela nagusiak haritz lakatuzko altzari bat, konbinazio bereko leihate bat eta haritz-zurezko ispilu bat ditu. Altzaria haritz laminatuz eginda dago; kanpoaldea haritz naturalekoa da, eta tiraderen aurrealdeak kolorez lakatutako ohol ildaskatuak dira, maitasun handiz eginak.
Leihatea egiteko, haritz-ohola erabili da, eta marko lakatu bat jarri zaio leihoari; beira-zumitz artifizialak ditu bi aldeetan, haiek askatu beharrik gabe garbitu ahal izateko. Beira-zumitz horiei esker, sekzio dotoreagoak lortzen dira zatitze-eremuetan, eta oso estetika atsegina sortzen da.
Bi bainugeletan, haritz-zur naturaleko bi nitxo daude, eta apalak aurreratu egin dira, haien ertzetan argia jartzeko. Horrela, atzealdea argiztatzen da, eta horrek oso estetika polita ematen dio.
Logela nagusian, nabarmentzekoa da haritz-zurezko oheburukoa; 15 cm-ko lodierako xafla frisatua du, eta LED argi bat goiko aldean, horma argiztatzeko. Itxuraz, erraz egiten da oheburukoa, baina oso zaila da xaflak ahokatzea; ezinbestekoa da xaflak ahizpak izatea, zuhaitz berekoak, elkarguneetan marrazkia bat etor dadin.